ABERASTASUN ETA FORTUNA HANDIEN GAINEKO ZERGA BERRIA GIPUZKOAN

Datorren urtarrilak 1ean 2011 eta 2012 ekitaldietarako Gipuzkoan onartu zen Ondarearen gaineko Zergaren indarraldia amaituko da, izan ere arau hau behin-behineko izaerarekin onartu zen, ondasun eta eskubideen titulartasuna zergapetuko zuen beste zerga aurreratuago baten zain.

Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga deituko den zerga hau datorren urteko urtarrilak 1ean indarrean sartzea espero da, eta beraz, araudi hori aplikatuz egingo den lehenengo likidazioa 2014ko udaberrian izango da.

Zerga berri honen alderdi garrantzitsuenak honako hauek dira:

- Zergapekoaren titulartasunpekoak diren ondasun eta eskubideak hartuko dira kontutan, zama, karga eta zorren zenbatekoan gutxituta, azken hauen kasuan Zergatik salbuetsita dauden ondasunak eskuratzeko ez badira beti ere.

- Ondasun eta eskubideak zergapekoari titulartasun juridikoaren inguruko arauen arabera esleituko zaizkio. Hori dela eta, ezkontide edo egitatezko bikoteen kasuan zein eraentza ekonomiko aplikatzen zaien ikusi beharko da (adibidez, irabazpidezko eraentzapean ezkonduak badaude, ezkontide bakoitzari ondasunen erdia esleituko zaie).

- Salbuetsiak geratzen diren ondasun eta eskubideak, besteak-beste, hauek dira:

  • Ohiko etxebizitza, 300.000 eurotaraino gehienez.
  • Etxeko ostilamendua (efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria…). Ez dira salbuetsiak geratuko 10.000 eurotik gorako balioa duten banakako elementuak, ezta oraindik zehaztu gabeko balioa baino gehiago balio duten bitxiak edo arte-gaiak, ezta ibilgailuak ere.
  • BGAEei, Pentsio Planei, Aurreikuspen Plan Aseguratuei edota Enpresen Gizarte Aurreikuspeneko Planei zergadunak egindako ekarpenei dagozkien eskubideak
  • Euskal Kultur Ondarea, Espainiko Ondare Historikoa eta Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak
  • Euskal Herrian kokatuta dauden espezie autoktonoko basoak 100.000 euroraino gehienez.
  • Energia berriztagarrien instalazioak 100.000 euroraino gehienez.
  • Erabilera nagusia nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza edo basogintza duten ondasun eta eskubideak, baldin eta horrelako jarduerak pertsona fisikoek egiten badituzte pertsonalki eta zuzenean, eta jarduera horiek zergadunaren errenta iturri nagusia ez badira.

-         Ondasunen balorazioa horrela egingo da:

  • Ondasun higiezinak. Hurrengo balioetatik altuena hartuko da kontutan: katastroko balioa; Administrazioak beste zergetarako egiaztatukoa; erosketa balioa.
  • Jarduera ekonomikoak: Pertsona fisikoen ondasun eta eskubideak jarduera ekonomikoei atxikita badaude haien kontabilitatetik ateratzen den balioaren arabera konputatuko dira, higiezinen kasuan izan ezik. Hauek aurreko atalean azaldutako eran baloratuko dira.
  • Kontu korronte eta aurrezki kontuetan egindako gordailuak urte bakoitzeko abenduak 31ean duten saldoaren arabera emango zaie balioa, baldin eta urteko azken hiruhilabeteko batez besteko saldoa baino txikiagoa ez bada.
  • Burtsan kotizatzen duten akzioen kasuan, urteko azken hiruhilabetean duten balioaren arabera baloratuko dira.
  • Burtsan kotizatzen ez duten balio edo partaidetzen kasuan, adibidez, Erantzukizun Mugatuko Sozietate batean izan daitezkeen partaidetzak, onarturiko azken balantzetik datorren balore teorikoa hartuko da kontutan, baldin eta auditoritza batek aldeko auditoretza-txostena jaso badu.

Auditoritza egon ez bada, hurrengo balioetatik altuena hartuko da: balio nominala, onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa edo zergaren sortzapen eguna baino lehen itxitako hiru ekitaldi sozialetako emaitzen batez bestekoa %20an kapitalizatzetik ateratzen den balioa.

Entitateek balorazioen ziurtagiriak eman beharko dizkiete bazkideei edo partaideei.

  • Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzaren balioa zehazteko, kontuan hartuko da ordaindutako ekarpen sozialek –nahitaezkoek zein borondatezkoek– onartutako azken balantzean eratzen duten zenbateko osoa, eta egotzitako eta konpentsatu gabeko sozietate-galerak egonez gero, horiek kendu egingo dira.

Entitateek balorazioen ziurtagiriak eman beharko dizkiete bazkideei edo partaideei.

  • Bizitza aseguruak abenduak 31ean duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

-         Goran aipatutako arauak aplikatuz lorturiko oinarri ezargarria minimo salbuetsian txikituko da (700.000 euro) eta gainontzekoari %0,25 eta 1a bitarteko eskala aplikatuko zaio.

-         Jarduera ekonomikoei loturiko ondasunen edo zenbait baldintza betetzen dituzten partaidetzak izanez gero, horiei dagokien kuotan %75eko hobaria aplikatuko da. Beraz, indarrean dagoen araudian aurreikusitako salbuespena desagertzen da.

Hobaria aplikatzeko bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

  • Jarduera ekonomikoari lotutako pertsona fisikoen ondasun eta eskubideek, betiere jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta errenta iturri nagusia bada
  • Entitateetan partaidetzak izanez gero:
    • Sozietate izaera izan edo ez, entitatearen jarduera nagusia ez izatea ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa.
    • Zergadunak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez %5ekoa izatea, banaka konputatuta, edo %20koa berearekin batera ezkontidearena, izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena (anai-arrebak, koñatak…) konputatuta
    • Zergadunak entitatean zuzendaritza lanak egitea benetan (edo zergaduna ez bada goran aipaturiko ahaidetasun taldean sailkaturiko pertsona batek), eta horregatik bere jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekin guztien %50etik gorako ordainsaria jasotzea.

-         Goran aipaturiko arauak aplikatu ondoren ez balitz ordaindu beharreko kuotarik aterako, aitorpena aurkeztu beharko da baldin eta ondasun eta eskubide guztien balioa, salbuetsiak barne, 3 milioi eurotik gorakoa bada.

Beraz, Zerga honek Ondarearen gaineko Zergaren egitura jarraitzen du, eta zerbait azpimarratu behar badugu bertan zera da: entitateetan partaidetzak izateagatiko salbuespena kuotan aplikatzen den hobari batek ordezkatzen duela.

Deje un comentario