Konpartitutako zaintza

Zer esan nahi du azkenaldian hainbeste entzuten dugun kontzeptu honek?

Seme-alabak dituen bikote batean gurasoen eginbeharrak elkarbanatzen dira: ezkontzan zehar seme-alaba amankomunak elkarrekin edukitzen dira, bi gurasoek horien zaintza egikaritzen dute. Baina banantze edo dibortzio bat gertatzen zenean, orain arte seme-alaben zaintza guraso bati esleitzen zitzaion, gehienetan amari, eta bestearentzako bisita-erregimena ezartzen zen, bi asteburutan behin eta eskolako oporren parte batean umeekin egon zedin.

Konpartitutako zaintzak ahalbidetzen du banantze edo dibortzioaren ondoren bi gurasoek beren seme-alabak hezitzen jarraitzea; honela umeek ez dute gurasoetako inor galtzen zaintzaile aktiboaren paperean. Asmoa da umea eta gurasoen artean elkarbizitza egotea, eta ez “bisita” soila. Honela lortzen dena da bi gurasoek seme-alaben garapena eta heziketan partehartze aktiboa izatea, eta beraiekin elkarbizitzea.

Bi gurasoekin ematen da elkarbizitza, modu berdinean; seme-alabek antzematen dute ez dutela gurasoetako inor galdu, eta beraiengandik gertu egoteko gurasoek egiten dituzten ahaleginak ikustea onuragarria da umeen autoestimurako. Honela gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa hobetzen da.

Baditu ere bere desabantailak, adibidez bi etxetara egokitu behar izatea (edo hirutara, gurasoak badira umeak geratzen diren etxera mugitzen direnak). Etxe bakoitzak bere ohiturak ditu, bere arauak, bere ordutegiak. Umeak etengabe ohitura ezberdinetara egokitu behar dira, heziera ezberdinetara.

Arazo praktiko eta logistikoak ere mahaigaineratzen ditu, umeen bizitzaren hainbat alor koordinatu behar direlarik: eskolarako garraioa, zaintzailea, jantzien antolaketa…

Konpartitutako zaintzaren aukerak mugagabeak dira, interesatuen inguruabarren arabera era guztietako konbinaketak egin daitezkeelako. Adibidez:

  1. Aste bete baino epe laburragoko txandaketa, baita egunekoa ere, oso adin txikiko umeen kasuan. Baita hiru egun t’erdikoa guraso bakoitzarekin, umearen adinaren arabera.
  2. Aste beteko txandaketa. Aste osoa guraso bakoitzaren etxean. Gurasoen egoitzak elkarrengandik gertu egonez gero, nolabaiteko adineko umeentzako erosoa izan daiteke.
  3. Hamabostaldiko txandaketa. Umea hamabost egunez guraso bakoitzarekin bizi da, eta bestearekin asteburu osoak igarotzen ditu, baita arratsalde bat edo bi astean zehar ere.
  4. Hilabeteko txandaketa. Umeak hilabetea igarotzen du guraso bakoitzarekin, eta bestearekin asteburu osoak zein arratsalde bat edo bi astean.
  5. Gurasoen txandaketa. Umeak familiaren egoitzan geratzen dira, eta gurasoak dira horren erabileran txandakatzen direnak. Zalantzarik gabe, modalitate honek lankidetzarako jarrera behar du gurasoengandik.

Konpartitutako zaintzako modalitate bat edo bestea aukeratzean, erabakiorrak izango dira gurasoen lan-ordutegia, euren egoitzen arteko distantzia geografikoa, euren baliabide ekonomikoak, seme-alaba kopurua eta euren eskola-ordutegia, eta abar.

Konpartitutako zaintzako modalitaterik onena izango da gurasoek adostasunez aukeratzen dutena, zalantzarik gabe. Honek modu egokian funtzionatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da banatutako zein dibortziatutako gurasoen arteko komunikazio ona. Beraz epaileek hura onartzen dute gurasoek adostasunez eskatzen dutenean, baldin eta uste badu aukeratutako modalitatea adin txikientzako onuragarria dela.

Deje un comentario