Atzerritarrak eta lana

Edonork ikusi ahal duen bezala, Goierrin atzerritar kopuru garrantzitsua dugu gure artean bizitzen. Horietako gehienak lan-mundura sartzeko asmoarekin etortzen dira euren egoera ekonomikoa hobetzearren, euren jatorrizko herrietako egoera ez baita oso ona. Eta berton lana aurkitu nahi dutenean arazo batekin egiten dute topo: enpresariek egiten dieten lehenengo galdera dela ea “paperak” dituzten. Eta erantzuna ezezkoa bada, haiek kontratatzeko asmoan atzera egiten dute.

Baina enpresari askok ez dakitena da atzerritarrak “paperak” lortu ahal izateko, hots, lan-baimena lortu ahal izateko, gehienetan enpresariak berak eskatu behar duela hura. Laburbilduz, izapide edo tramitea honakoa aurkeztuz betetzen da:

  • Lan eta egoitza baimenaren eskaeraren inprimakia, kontratatu behar den atzerritarraren zein enpresaren datuekin
  • Lan-eskaintza, lanpostuaren baldintzak jasotzen dituen inprimakian.
  • Atzerritarraren pasaportea, edo bere jatorrizko herrian zigilatutako kopia.
  • Lau argazki
  • Enpresaria autonomoa bada:
    • TA-6 ziurtagiria, Gizarte Segurantzan enpresari moduan alta eman duela ziurtatzen duena.
    • Azken errenta-aitorpena.
    • Azken BEZ/IVA aitorpena.
    • Ogasuna zein Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituenaren ziurtagiriak
  • Enpresaria sozietatea bada:
    • TA-6 ziurtagiria
    • Eraketa edo konstituzioko eskritura.
    • IFK/CIF txartelaren kopia.
    • Azken BEZ/IVA aitorpena.
    • Ogasuna zein Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituenaren ziurtagiriak

Lan baimena ematen zaionean, atzerritarrak bisatua eskatu beharko du bere jatorrizko herrian hona etorri ahal izateko, eta behin hemen dagoela, alta eman eta lanean hasi ahal izango du. Eta gure artean “ilegal” bat gutxiago izango dugu.

Deje un comentario