Lokalak biziberritzen: etxebizitzaren arazoarentzako konponbidetako bat
Etxebizitzen merkatuaren aztoramenduaren aurrean, entitate publikoek neurri berriak hartzeko beharra somatu dute, Babes Ofizialeko Etxebizitzen (VPO) formula tradizionala ez baita nahikoa hiritarron etxebizitza duinerako eskubidea bermatzeko, eta neurri horietako bat dugu lokal komertzialak etxebizitza bezala egokitzeko baimenak ematea. Honekin lortu nahi dena da etxebizitza merkeen eskaintza igotzea, eta bidebatez denbora luzean itxiak egon diren lokal komertzialei zeregin sozial bat esleitzea.
Geroz eta gehiago dira gai honen inguruan araudia onartu duten udalak, edo hura prestatzen dabiltzanak. Herri bakoitzak bere araudi propioa izan arren, guztiek amankomunean dutena da honelako baimenei bi baldintza nagusi ezartzen zaizkiela, ezinbestekoak eman nahi izan zaien helburua beteko badute:
- Lokalaren ezaugarri fisikoek bertan etxebizitza duina antolatu ahal izango dela bermatzea.
- Lokalaren egokitzapena etxebizitzen beharrari aurre egiteko burutzea, eta ez inolako interes espekulatiboengatik.
Lehenengo baldintza betetzeko helburuarekin, ordenantzek lokalen gutxieneko ezaugarri fisikoak jasotzen dituzte, hala nola gutxieneko azalera, argitasuna…
Bigarrena bermatzearren, halako erabilera-aldaketarako baimena jasotzen duten lokalentzako Babes Ofizialeko Etxebizitzen antzeko eraentza aurrikusten da, bi neurri nagusi ezarriaz hura saltzen den kasurako:
- Salneurri tasatua ezarriko da, ezingo delarik honen gainetik saldu.
- Udalak lehentasunez erosteko eskubidea izango du lokalaren zein egokitutako etxebizitzaren gain.
Araudi hauek etxebizitzen merkatuan zein hauen prezioen gorabeheretan izan dezaketen eragina ikusteko dago. Bitartean, Beasain, Urretxu edo Zaldibia bezalako udaletan martxan jarri berri diren neurri hauek inguruko beste zenbait herritara zabaltzekotan leudeke, inguruko hainbat udal antzeko araudia onartuko dutenentz planteatzen ari baitira.