2007ko errenta-aitorpenaren kanpaina
Urtero bezala, errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da. Aurtengoan, Gipuzkoan aitorpenaren epea apirilaren 18an irekiko da, eta ekainaren 25era bitarte luzatuko da.
Nork aurkeztu behar du 2007. urteko aitorpena?
Orokorrean, Zergari atxikita dauden errentak jaso dituen pertsonak: etekinak, errenta egotziak edo ondare irabazi eta galerak lortu dituzten zergadunak.
Aurkezpena ez da derrigorrezkoa izango bi baldintza hauek betetzen badira:
- 20.000 euro gordineko soldataren azpitik egotea.
- Kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak batera hartuta, urtean 1.600 euro baino gutxiago lortu izana
Nahiz eta aurreko bi baldintza hauek bete, 9.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekinak izan eta ondorengo egoeratako batean dagoenak, errenta aitorpena aurkeztu beharko du:
- Ordaintzaile bat baino gehiago izan dituenak.
- Kontratu bat baino gehiago sinatu dituenak.
- Epaileen erabakiz pentsio konpensagarriak jaso dituenak
- Atxikipenak kanpoko araudiaren arabera kalkulatu zaizkionak.
- Egunsariak jaso dituenak.
- Arrantzuntzietako langileek, ordainsariak arrantzaren balioaren partaidetza bat direnean.
- Ordainsari aldakorrak atxikipen portzentaia kalkulatzeko kontuan hartutakoak baino handiagoak direnean.
Egoera honetan daudenak bi aukera dituzte:
- Aitorpen orokorra egitea.
- Hautazko likidazioa egitea., hau da, lan etekinak bakarrik kontutan hartuaz.
Nahiz eta aitorpena egitera beharturik ez egon, atxiki edo norberaren kontura sartu diren kantitateak berreskuratu nahi dituen zergadun orok aurkeztu dezakete aitorpena.
Zein dira 2007 ekitaldiko ezaugarri nagusiak?
- Salbuetsiak daude errenta hauek:
- Gizarte Segurantzak edo honen ordezko entitateek 55 urtetik gorako zergadunen alde aitortutako prestazioak. Jasotzeko arrazoiak: kualifikatutako ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.
- Langabezi prestazioa, ordainketa bakarreko modalitatean denean bakarrik.
- Zurztasun pentsioak eta prestazio familiarrak.
- Murrizpenak, mutualitate, pentsio plan eta BGA/EPSV-etara egindako ekarpenagatik
- Muga orokorrak:
- Enpresaren kontribuzioa: : 8.000 €
- Zergadunaren ekarpenak: 8.000 €
- Muga bereziak 52 urtetik gorakoek eginiko ekarpenentzako, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren alde egindakoentzako eta minusbaliatuen alde ekarpenentzako.
- Errenta aitorpen bateratua egiteagatik, 3.800 eurokoa da murrizpen orokorra eta 3.300 eurotakoa guraso bakarreko familientzat.
- Kenkariak:
- Kenkari orokor berri bat dago 1.250 eurotakoa autolikidazio bakoitzeko egingo delarik.
- Kenkari pertsonal eta familiarretan 2006. urtekoak mantentzen dira bakoitzaren kopuruak igoz.
- Ezgaituaren ondare babestuari egindako ekarpenengatik kenkari berri bat dago
- Ohizko etxebizitzan inbertitzeagatik, kreditu fiskala 36.000 eurokoa izango da zergadun bakoitzeko, eta inbertsioaren eta interesen %18a kendu ahal izango da, urteko muga 2.160 eurokoa izango delarik.
Kenkari hauek zerrenda luzea osatu arren, askorentzat ez dira nahikoa izaten errentaren emaitza nahi bezelakoa izateko.