Dibortziatua nago, nork ordaindu behar du orain dentista? Eta musika-eskola

Banantze zein dibortzio baten ostean despatxuan ohizkoa den galdera bati erantzuna ematen saiatuko naiz hurrengo lerroetan: umearen gastuetatik, zeintzuk izango dira mantenu-pentsioaren kontura, eta zeintzuk erdibana ordaindu beharreko ez-ohizko gastuak?

Hain gai interesgarriari buruzko epai mordoa aztertuta esan genezake zenbaitetan epaile ezberdinen ebazpenen artean alde nabaria egon daitekeela, baina hala ere hainbat ondorio atera daitezke:

Ez-ohizko gastuak dira mantenu-pentsioa ezartzerakoan (bai epaileak zehaztuta bai ezkontide ohiek Hitzarmenean adostasunez jasotakoa) aurreikusi ez diren gastuak. Beraz garrantzitsua da gastuen ez-ohizkotasuna zehazteko horiek sortutako unea aztertzea, zein den pentsioa ezartzeko momentuaren egoera.

Adibidez, mantenu-pentsioa ezartzean umea iada musika-eskolara joaten bada, gastu hori kontutan hartua izango da pentsioa ezartzean, eta beraz ohizko gastua izango da, mantenu-pentsioaren bitartez ordaindu beharrekoa. Eskolaz kanpoko ihardueraren bat hasi behar badu, adibidez, pentsioa ezarri zenetik bi urtetara, orduan ez-ohizko gastua izango da, ezin zelako aurreikusi zerbait berria den heinean.

Eta orduan, ez-ohizko gastua bada, erdibana ordaindu behar al da beti, %50ean? Erantzuna ez-ohizko gastu horren beharrezkotasunaren araberakoa izango da. Adibidez, umeari hortzetako aparailua jartzen bazaio, beharrezkoa izanik eta Gizarte Segurantzak hura kubritzen ez duelarik, erdibana ordaindu beharrekoa izango da. Beharrezkoa ez den gastu baten kasuan, adibidez, ludotekaren kuota, bi gurasoak ados egon beharko dira, haietako bat ados ez dagoenean ezin zaiolako ordainketa galdatu.

Ikus dezakegunez, eskolaz kanpoko iharduerak ez dira beti ez-ohizko gastutzat jotzen, eta beraz ez dira beti erdibana ordainduko. Kontzeptu bakoitzarentzako azterketa egin beharko da, eta familia bakoitzaren testuinguruan, honakoa zehaztu beharko da:

  • Denbora. Mantenu-pentsioa ezartzeko unearen egoera.
  • Aurrikusgarritasuna. Ea momentu horretan gastua aurrikusgarria zen edo ez.
  • Beharrezkotasuna. Gastua beharrezkoa zen edo ez.

Mantenu-pentsioaren igoera zein egoeratan eskatu dezakegun hurrengo artikulu batean azalduko dut.

Deje un comentario