Dibortzio erreformaren lege-proiektua

2004ko azaroaren 26an, Ministro Kontseiluak banantze erreformaren lege proiektua onartu zuen. Proiektu hau ondorengo puntuetan laburbiltzen da:

  1. Orain arte lehenik banantzea eskatu behar zen eta denbora jakin bat pasa ondoren dibortzioa eska zitekeen. Orain berriz zuzenean eskatu daiteke dibortzioa.Dibortzioa eta separazioa bi aukera desberdin dira eta biek ezaugarri bakarra dute amankomunean: ezkontza ondoren hiru hilabete paseak egotea. Hori dela eta, pertsona bat banandu daiteke dibortziora iritsi gabe.
  2. Orainarteko banantze eta dibortzio kausak alde batera uzten dira: familia abandonatzea, alkoholismoa, fideltasun eza…Lege berriarekin ulertzen da ezkontza hausteko ez dela aurretiko banantze eskaerarik behar eta are gutxiago ezkonduta ez jarraitzea baieztatzen duen arrazoirik. Nahikoa arrazoi da, banantze edota dibortzio eskaeran bertan isladatzen den bezala, norberaren borondatez harreman horrekin aurrera jarraitu nahi ez izatea.Arrazoiak argudiatzea beharrezkoa ez izan arren, azaldu egin daitezke, epaileak ezkonkideen egoera kontutan izanik egoitzaren erabilera, zaintzaren esleipena, bisitak, pentsioak… inguruan neurriak ezartzeko.
  3. Adingabeko seme-alaben zaintza aitaren eta amaren artean partekatua izateko aukera ezartzen da. Hau ez da betebehar bat, aukera bat baizik, beti ere ezkontideen akordioz onartua, nahiz eta seme-alaben onurarako epaileak berak ere ezarri dezaken.
  4. Mantenu errenta (banantzearen ondorioz, bere diru sarrerak gutxitzen direla eta ezkontide bati sortzen zaion desoreka ordaintzeko ematen den errenta) hilartekoa, denbora batekoa edo kopuru zehatz batekoa ( sarreren ehuneko bat denbora zehatz batean, ondarearen ehuneko bat, edota kopuru orokor bat ordainaldi bakarrean jasoa) izan daitekela aurreikusten da.

Aldaketa hauen ondorioz, espero diren abantailak honakoak dira:

  • Kostu ekonomiko txikiagoa: aldez aurretiko banantzea beharrezkoa ez izanik gastuak bikoiztea ekidingo litzateke.
  • Azkarragoa: dibortzio eskaera ezkondu eta hiru hilabeteetara egin liteke eta aurretiko banantzerik gabe. Beraz prozedura gutxiago espero dira eta ondorioz hauen konponbidean azkartasun handiagoa epaitegien aldetik.
  • Tentsio gutxiago: krisi egoera azkarrago konpontzen da, familia eta batez ere seme-alabak egoera hobean utziaz.

Zer gertatzen da martxan dauden prozesuekin? Araua aplikagarria izango da martxan dauden auzi guztietarako.

Prozedura hauek, juizio zibil azkarretan lekua izan dezaketela pentsatzen da. Horretarako, proba pilotu gisa, martxan jarriko dira datozen hilabeteotan Estatuko hainbat hiri handitan.

Lege proiektu hau, 2005. urtearen lehen erdirako indarrean jartzea espero da. Dagoeneko aurkariak izan arren, praktikak erakutsiko du gaur egungo arautzeak baino emaitza hobeak ala okerragoak ematen dituen familia gatazken konponbidean.

Deje un comentario